BERRIA egunkaria
Amaia Agirrek, BERRIAn idatzitako
Urte berri on!
Zer eskatzen diozu urte berriari? Zer-nolako promesak egin dituzu urte berriari begira? Urte zaharrak zer eman eta zer kendu dizu? Eta nire galdera da: zergatik berrizten ditugu urteroko galdera zaharrak? Edo zergatik ez ditugu berritzen? Iaz, iraileko saio batean entzun nituen bertsolariak bi mila eta zortziari buruz kantuan. Bi mila eta zortzigarren aldiz. Bi mila eta zortzi bider ikusi ditudan aurpegierak ikusi nituela iruditu zitzaidan gaia entzun ostean.
Nik badakit, inoiz edo behin horretan ere saiatu izan naizelako, gaiak jartzea oso lan zaila dela. Niri ikaragarri gustatzen zait, baina badakit oso esker txarrekoa ere badela. Badira batzuk gaurkotasunaren arabera eraikitzen dutenak gaien nondik norakoa. Azken egunetako egunkari nahiz albistegiak jarraitu ez badituzu gai erdiak arrotz eta ezezagun sentituko dituzu. Badira formulazioa edo aurkezpena ikaragarri zaintzen dutenak. Gai bat ez da erabat berdina modu batera edo bestera jarri. Eraikitzen zaion testuinguruak garrantzi handia du, nire ustez. Oilaskoa labean beti oilasko, baina zenbat eta zerekin bustitzen den, alde ederra! Oilasko lehorra baino lehorragorik!
Beldur naiz gai-emaileen lana ez ote den azalekoegi eta pasa moduko zerbait bezala hartzen askotan. Halaber, badakit zenbait bertsolari eta gai-emaileen artean harreman estua dagoela, eta saio ondoko tabernako gai izaten direla gaiak. Baina urtean behin edo bitan gai-emaile lanetan aritzen diren edo jartzen dituzten horiekin zer-nolako tratua dugu?
Azken bi hilabeteetan lau aldiz bederen gertatu zait lau edo sei bertsolariko jaialdi batean ofizioka edo teman aritzeko behin soilik jaikitzea. Eta egokitzen zaizun gaia gustatzen ez bazaizu edo dena delakoagatik asmatzen ez baduzu, akabo! Nik uste dut ordubetetik gorako jaialdi batean gutxienez hiru ofizio edo binaka gai baten inguruan aritzeko aukera izan behar genukeela. Bestetik, agurrak kantatu ostean, gai orokor edo zehatz bati, berdin dio, denek bertso bana kantatu ostean, oraindik norbere motorrak eta entzulea berotu gabe dagoenean, bertsolaria bakarka jartzea ez zait erosoa iruditzen. Egokia? Agian bai. Agian ez. Erosoa? Hori ez behintzat.
Gai-emaileek jarritako gaiei buruz euren bizkar hitz egin ordez, aurrez aurre eta taktu eta mimo handiagoz zaindu beharko genituzkeela iruditzen zait. «Gai hau ederra zen, asko gustatu zait», esaten diegu batzuetan, baina isiltzen ditugunak ez ote dira gehiago? Gai-emailearen figura ez al da gehiago zaindu behar? Saio ona ateratzen denean gai-emailea zoriontzen al da? Alderantziz denean ondo dakigu zer gertatzen den. Geroz eta gehiago kezkatzen nauen gaia da. Geroz eta arreta handiagoa jartzen diodan puntua da. Punto.
© berria.info