Iritzi artikulua. Edu Zabala

BERRIA egunkaria
House doktorea G puntuaren bila
Edu Zabala
Irakaslea
Zoragarria da beti eta izango da hitzaren, euskal hitzaren plazerean murgiltzea noizean behin, nahi baino gutxiagotan tamalez, bertsolarien eskutik, bertsozaleen artean, zeure etxean sentitzea, «no te entiendo» behin eta berriro ez entzutea, zeure herrian arrotz ez sentitzea.
Zorionak, Beñat, bereziki zuri. Bejondeizula, gazte, zure abilezia, zure ausardia, xalotasuna komunikatzeko, sentiarazteko gaitasun aparta duzun bertsolari hori. Eta orain, txaloak banatu ondoren, egur pixka bat barreiatu nahiko nuke Illunbeko tendido-an ikusitakoaren, entzundakoaren inguruan.
Ia-ia depresioak jota atera naiz lagunekin batera zezen-plazatik. Gai-jartzaileen artean, dirudienez, House doktorea nagusitu da, eskaini dituzten gaiak ikusita, hots: heriotza, minbizia, alzheimerra, sehaskatik desagertutako umeak, bizkarrezurreko minbizia berriro ere, hildako emazteari nola aitak arropak zaborretara botatzen dizkion e.a. Nahiko gore-a, ez duzue uste? Uler dezaket agian bertsozaleen elkartean nolabaiteko ikuspegi poetikoa lehenesten ari dela, non gaiek lakrimogeno bihurtuz bertsolaria behartzen duten halako goi-maila bat lortze aldera, baina ez nator bat horrekin. Niretzat, eta nire ezjakintasunean, askoz hurbilago egon beharko luke bertsolaritzak trufa, adarjotze, umore, ironiatik eta urrutiago egoera esperpentiko, bortxatu horietatik, zeren, G puntua-k adierazten edo adierazi nahi zuenari erreparatuz, gozatzera joan omen gara finalera, ezta? Nik, tamalez, gai horietako batzuekin oso deseroso sentitu naiz, agian bizi berriegiak nituelako.
Kartzelako gaian ere «erantzun baten zain zaude» planteatzerakoan, batek hiesa ia-ia pegatu dion emagaldu bat atera du plazara, hor nonbait Ataun herrikoa, zehaztapen gehiago ematearren, baina erantzuna bere aldekoa izan da, gizonarena alegia, eta, Jainkoari esker, ez dio pegatu gaitz izendaezina. Eskerrak.
Bazegoen final honetan, nire ikuspuntutik, halako sentsazio deserosoa, makabroa, gaietan, eta nahiz eta batzuetan ez planteatu horrela eta erantzuna librea izan, horretara jotzen zuten hainbat bertsolarik, hor nonbait puntuazio inpaktuaren bila.
Honekin batera, beste gogoeta bat: bukaerako ekitaldian, oholtzatik behin eta berriro goraipatu dute entzuleria, bertsozaleok, behin eta berriro, baina han zegoen jendea ikusita, bertako hainbat pertsona ezagututa, hainbat gauza eta komentario entzun ostean, zera esango nuke: txalotzen da antolatzaileen aldetik gure presentzia, gure animoa, gure zaletasuna, gure dena, baina konturatzen al dira ze txalo zaparrada jasotzen duten bertsolari sozialenak, nolabait esatearren, presoak, epaiketak, Euskal Herria gaiak plazaratzen dituztenean? Zergatik gai sozialek ez dute ordezkatzen gai makabro horiek? Naturalagoak dira, ene aburuz, nahiz eta tamalez mingarriak izan herri honetan, gehienetan. Beraz, hain kontuan hartzen bagaituzte, egin dezatela inkesta bat, hain modan dagoen galdeketa horietako bat, eta seguruenez, esan dudan azkeneko hau baieztatuko litzateke. Ez dakit zein den gai-jartzaileen dekalogoa, baina hor nonbait, Goenkale-n bezala, hainbat tabu direla nabarmentzen da, finalak joan finalak etorri, eta nahiz eta bertsozaleak gai horien egarriz egon, ez da kontuan hartzen. Beraz, malkoa eta ñabardura sentimentala ateratzeko, House doktorearengana jotzen da, baina emaitza pixka bat makabroa gelditu da final honetan, niretzat bai bederen.
Dena den, nire txalorik beroena bertsolariek egindako lanari eta emandako ikuskizunari, kategoriari, tripako eta buruko korapiloak askatzeko eta plazaratzeko duten abildade aparta eta sinestezin horri, euskaraz gozatzeko eskaintzen diguten hitz joko ikusgarriari, euskaraz bizitzeko, sentitzeko, gozatzeko aukera paregabeari, geure herrian eroso gustura, bertoko, ez arrotz sentitzeko parada ematen diguzuen hitzaren artistei. Bejondeizuela!
Askoz hurbilago egon beharko luke bertsolaritzak trufa, adarjotze, umore, ironiatik eta urrutiago egoera esperpentiko, bortxatu horietatik, zeren, 'G puntua'-k adierazten edo adierazi nahi zuenari erreparatuz, gozatzera joan omen gara finalera, ezta?
© berria.info