... saioa antolatzen?
Hauxe izan behar du gai-jartzailearen lehen galdera, bertso jaialdi baten aurrean. (Lagunarteko saioetarako ere baliagarriak dira bertako zenbait ohar)
Nire iritziz, lehenik eta behin saioaren egitura zehaztu behar da (beti ere, ohiko plaza bat bada, ohiko moldean antolatutakoa)
Horretarako, bertsolari kopuruari dagokion egitura edo hezurdura prestatu.
Egitura prestatuta dagoenean, saioa egingo den lekuko "atmosferaren" inguruko informazio bildu.
- Herria nolakoa den (hiritarra, baserritarra...)
- Herriko giroa (bertsozalea, festa garaia den, urteroko saioa den...)
- Antolatzailea mota (udala, herri ekimena, bertso eskola...)
- Saioa egingo den unea (arratsaldean, gauean, ostirala, larunbata...)
Bildutako informazio hori kontuan izanda gaiak sortzen hasi.
Erabaki saioan zein bertsolarik egingo duen bakarkako ariketa, zeinek berezia... (hau dena, bertsolarien ezagutza eskatzen du. Edonork edozer egin dezakeen arren, batzuk gustorago edo erosoago aritzen dira gauza batean edo bestean. Edozein dela erabakia, koszientea edo helburu jakin batekin egitea da onena. Edonori edozer jarri beharrean, norbaiti jarri nahi zaion zerbait jartzea da onena)
Ondoren, une bakoitzan zein giro lortu nahi den erabaki eta giro hori lortzeko gaiak sortu behar dira. Bertsolariei jarri beharreko lan tonoa ere orekatua izatea komeni da. Denek, denetarik eta tono ezberdinetan egiteko aukera izan behar dute.
Gaiak sortzeko bideak:
Ezberdinak dira eta bakoitzak ditu bereak, baina adi egotea da klabea.
Herriaren, antolatzailearen, inguruaren berri jaso.
Informazio hori gaietara ekarri. (Herriko notiziak bere hortan ez dira zertan gai izan behar, gainera bertsolariek akaso ez dute herrikoek bakarrik dakiten gauza baten berri, eta gai-jartzailearen helburua bertsolariak bertsotan egitea izan behar du eta ez bere ez-jakintasuna nabarmen uztea)
Herrian gertatu den zerbait konkretua, orokortasunera edo bertsolariaren terrenora ekartzea da egokiena nire ustez. Edo herrian gertatzen dena, nahi den gai horretarako abiapuntu izan liteke.
adb: Auditz Akularren egin behar dutenarekin oso haserre zaude (Bertsolariaren ez-jakintasunarekin jolasten ari zara)
Gruarekin egiten duzu lan eta gaur Auditz Akularrera zatoz, etxeak egin ditzaten lurrak prestatzea. Parean eraikuntzen kontrako talde baten elkarteratzea duzu. (Bertsolariarentzako, paper errexagoa da eta gaia bertsolariari egokitu egiten zaio, ez-jakintasunarekin jolastu gabe)
Bertsolariaren eta bertsolaritzaren garaia ere kontuan izan behar da (ez da gauza bera txapelketa garaia izan edo ez)
Gaiak sortzeko iturririk onena egunerokotasunean bilatzen dira.
Bizitzako edozein une izan liteke gai edo gairako abiapuntu.
Egunkariak gai-jartzaile batzuen tresna erabiliena izan arren, kontu handiz erabili beharrekoa da. Notizia oro ez delako gai, eta gai bada ere akaso ez da unea, lekua... (Iruñean hondartzaz hitz egitea, jubilatuentzako saio batean internetez hitz egitea, herriko egoera-notizia bereziak gai jartzea harriskutsua izan daiteke...)
Gai-jartzailearena lana da, eta lan bezela konsideratu behar da. Gai-jartzailea, kosziente izan behar du oholtzan duen paper eta erresponsabilitateaz.
Edonor da lan bat egiteko kapaz, baina denok badakigu zein lanetan aritu gaitezken ondo eta zein lanetan ez. Horretarako, lan horrek duen garrantziaz jabetzea da garrantzitsuena.
Gai jartzailea errespetu handiz jokatu behar du saio baten inguruan dauden elementu guztiekin. Eta errespetua lana eginda lortzen da, bertsolariei lan egokia jarrita, entzuleak ondo pasatuko du, antolatzailea pozik egongo da eta gai-jartzaileen kolektiboa modu duinean uzten da. Lanik egiten ez denean, bertsolariekiko errespetua galtzen da, beraz entzuleak ez du gozatuko, antolatzaileak dirua alperrik bota du eta gai-jartzaileen kolektiboa gutxietsi egiten da.
(nire gai-jartzailetza ulertzeko modua besterik ez da bertan aipatutakoa, lan hau ulertzeko nire modua, eta lan honen aurrean eta inguruan dauden elementu guztiekiko dudan jarrera )