Nolakoak izan behar dira bakarkako gaiak?
Badirudi, galdera hau bueltaka izango dugula beti. 2001eko txapelketan, bakarkako gaientzako planteamendu berri bat plazaratu zen bertsotan. Antolatu zen bertsolamintza batean ("gaia gai"), planteamendu berri horren inguruan eztabaidatu eta bidexka berri bat ireki zen. Ideia garbi batean oinarritu zen planteatua, bertsolariak norberetik kantatzea.
Iruditzen zait, gai-jartzaileok gaizki ulertu dugula. Norberetik kantatu nahi horrek gai zabala eskatzen duela uste dugu, baina gai zabala eta norberetik ez dute zertan bat etorri behar.
Teoriari heldu ezkero (eta nire teoria besterik ez da), gai batek ondorengo osagaiak izan ditzazke:
- pertsona
- arrazoia
- kokalekua / egoera
- jarrera
Gai batek, lau osagai hauen arteko konbinaziotik sortu liteke. Geroz eta osagai gehiago erabili orduan eta gai itxiagoa. Geroz eta osagai konkretuagoak erabili, orduan eta itxiagoa.
Nire iritziz, bi osagaiez osatua egon behar du gutxienez. Ahal dela bi osagai ezberdinez, eta ez osagai bereko bi. (alegia, pertsona + arrazoia, eta ez arrazoia + arrazoia)
adb:
pertsona + arrazoia (Ama bat zara, eta berandu dator)
pertsona + kokalekua (erlojuari begira zauden ama bat zara)
pertsona + jarrera (ama bat zara eta kezkatuta zaude)
arrazoia + kokalekua (erlojuari begira zaude, berandu dator)
kokalekua + jarrera (erlojuari begira zaude, kezkatuta)
arrazoia + jarrera (berandu datorrela eta, kezkatuta zaude)
Bi osagaiez osatuta daude gai denak. hala ere, (oso) irekiak dira.
Osagai bakoitza, gehiago zehaztu ezkero:
ama -> gazte baten ama, arrantzale baten ama, polizia baten ama...
erlojuari begira -> Ospitaleko ordularia, portukoa, komisaldegikoa...
arrazoia -> lanetik berandu, parrandatik berandu, bileratik berandu...
jarrera -> oso kezkatuta... nerbioak airean...
Hiru osagaien arteko konbinazioa eginda, gehiago zehaztuko litzateken arren, aipatutako elementuen zehaztapen urriak, zabalak izateari ez diote utziko.
Pertsonaia + kokalekua+ jarrera (Berandu datorrela eta erlojuari begira zauden ama bat zara)
Kokalekua + arrazoia + jarrera (Erlojuari begira kezkatzen hasi zara, berandu dator eta)
Pertsonaia + kokalekua + jarrera (Kezkatuta zauden ama zara, erlojuari begira zaude)
Pertsonaia + arrazoia + jarrera (Bernadu datorrela eta kezkatuta zauden ama zara)
lau osagaiak konbinatuta berriz
Berandu datorrela eta kezkatuta zauden ama bat zara, erlojuari begira zaude.
Bertan aipatutako guztiarekin ez dut inolako oinarririk jarri nahi. Jartzen ditugun gaiak, zergatik jartzen diren ohartzea da kontua. Kontua ez baita, gai zabalak jartzea, kontua da bertsotarako gaiak jartzea. Batzutan zabalak izan behar dira, besteetan itxiak... baina beti ere kanturako aitzakia eman behar dutenak.
Gaiak, ezberdinak dira txapelketetan eta plazetan. Txapelketan balio duena ez du zertan plazan balio, eta alderantziz. Euskal herriko txapelketa eta herrialdekoak ezberdinak dira.
Jartzen dugun gaia jartzen dugula ere, sinistuta eta konbenzituta jarri behar da. Gai bat ezin baita besterik gabe jarri. Gaiak jarri behar dira, nahi delako, egokia delako, bertsolariarentzat egokia delako, plazarako egokia delako, unea egokia delako... dena izan behar du egokia.
(Nire iritziak besterik ez dira. Eztabaida sortzeko ideia batzuk idatzi ditut; has gaitezen beraz...)