Bertsozalea berripapera

Jon Maiaren erantzuna azpiko "Pelotak" artikuluari:

Bigarren botean:
Errebotean, pilota gaitzat hartuta etorri zait puntua. Edo barka, hobeto esanda, gaia pilotatzat hartuta. Pilota hautatzailea ote den gai jartzailea… pilota arinak, astunak konbinatu behar direla denetarik egon dadin… zenbat pilota, zein ordenatan… Bai, ados nago: gaiak logika batean jartzea, esaterako, in-crescendo doan logika batean, saioaren egitura ariketa pilaketa soil bat izan ez dadin saio baten barne erritmoaren kontrola eramatea, bertsolarien jaikialdiak eta isilaldiak denboran ondo dosifikatuak eta banatuak eramatea (entzuleak ikusten ez duena, baina bertsolariek nabaritu bai), gai-jartzaileak kontuan hartzeko gauzak dira denak. Hori bai, pilotak ondo hautatuta ere, nahikoa da frontoi batean aritzea dena pikutara joateko.

Aktore lagun batek esaten du, antzerki bat edo kontzertu bat frontoian jartzen diren bezalaxe, gustura ikusiko lituzkeela berak pilotariak antzokietan partidak jokatzen. Konparazio graziaduna iruditzen zaidalako ekarri det, ez baitut uste gauza bera denik guretzat frontoian kantatzea eta pilotarientzat antzoki batean aritzea. Guk erre egin dezakegu, pilotariek ez.
Zenbat saio joan ote dira pikutara pilotalekuetako oihartzunagatik?
Zenbat gaiengatik? Zenbat, ordea, gu bertsolariongatik? Gertatzen dena da, bertsolariok, gai-jartzaileok, familia handi eta jator honetan denok oro har, gero eta teorizatuago dugula gure jarduna. Dena gero eta kontrolatuagoa izatera jotzen dugu. Dena zergatik gertatzen den jakin nahi dugu eta laster, Uztapideren ADN bila hasiko gara, haren kantaera gozo mitikoaren iturri sainduaren bila (portzierto, Uztapidek nik baino mantsoago kantatzen zuen, ejem). Baina denak behar du muga bat, ala ez? Dena aztertu behar da? Dena kontrolpean izan? Andoni, helduiok honi: zenbateraino behar genuke dena kontrolatua izan? Hiri behin entzun nian komentariotxo bat, esanaz, beno, den-dena ere ez, polita ote zen, tarteka gure burua edonoren, edozeren esku jauzi eta ia zer ateratzen den frogatzea… atxiki!


Pelotak
Pelota pasa didazu Saroi, baina ez dut nire blogaren propganda egin nahi, ez nuen horretarako sortu. Hala ere pelota pasa didazu eta bai, pelotetaz hitz egin nahiko nuke. Sarri, gai-jartzaileon lana pelota hautatzailearenarekin konparatu izan dut. Haiena eta geurea, ezkutuan hasten den lana baita. Inork uste al zuen ba pelota hautatzaileak "Forum"era joan eta 3x2ko oferta batean erosten dituela pelotak? Eskuan hartu eta frontoira zuzenean doala uste duzue?
Hautatzaileak, gu bezala, pelotalekua ezagutu behar du, zein lekutan dagoen, ETB edo halakorik joango ote den... zein publiko mota izango den, udako torneoa edo txapelketa garaia den, zein pelotari izango den, nolako sasoian egon daitezkeen, aurreko urteetan zer pasa zen, egunez edo gauez jokatuko den, ostiralean edo igandean...
Ikusikizunaren inguruan ahalik eta daturik gehien bidu ondoren, une horretarako propio aukeratu behar dira pelotak. Horretarako pelotak eta peloten inguruko ezagutza bat izan behar da. Pelotazale izate hutsa ez da aski. Garbi izan behar da noiz eta zergatik jarri behar diren pelota astunak, arinak, motelak, jokatzeko politak, biziak, tanto luzerako egokiak... zein bikoteri zein pelota jarriko zaien, zein unetan, zergatik, zertarako...
Hala ere, gauza bakarrak du garrantzia: pelota borobila izan behar du. Borobilak dira pelotan egiteko egokiak. Borobilekin egin daiteke pelotan. Pelota karratuek ez dute heldulekurik, pelota zaharrak gastatuak daude, asko erabiliak daudenak grazia galdu dute, pelota hutsak ez dute zentzurik.
Zenbat pelota erabili behar diren jakin behar da, zein ordenatan... pelota berarekin 8 tanto baino gehiago alperrik...
Pelota onena aukeratuta ere, ez du zertan emanaldi onik atera (ona ateratzeko aukera gehiago daude baina...) eta pelota txarrekin berriz, ona ez da irtengo.
Pelotari buelta asko eman behar zaizkio, lan handia egin behar da pelota aukeratzen, prestatzen... eta pelotak jolasteko dira eta ez ikutzeko...
Pelotariek ere izango dute zer esanik ez? pelota ez duk arrauna baina, zer diok Jon? Txuriz jantzi eta tanto bi bakarrik jokatutakoa haiz ez? Pelotetaraino etxeratutakoa haiz ez?... ba, to pelota!