Getaria, 2008-04-12

Elizan. 22:00etan
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra, Nahikari Gabilondo, Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi.
Gai-jartzailea: Saroi Jauregi

1.- Agurrak
2.- Denak
Martxoaren 8an emakumez bakarrik osatutako bertso-saioak ikusten ohituta gaude, baina ez da oso ohikoa egun horretatik kanpo gaurkoaren antzeko kartela ikustea. Hain zuzen, horregatik antolatu omen dute hilabete geroago. Urola Kostako Hitzan titular hau jarri diote albisteari “ Normaltasunerako bertsoak”.

3.- Uxue-Nahikari
Bakoitza bere koadrilarekin atera zarete parrandara, eta taberna batean elkartu zarete. Pixkanaka-pixkanaka, lagun guztiak erretiratu dira, eta bakarrik geratu zarete. Ez dakit zer asmo izango duzuen…

4.- Iratxe-Ainhoa
Bizilagunak zarete. Zuk, Iratxe, oporretara joan behar zenuela-eta, etxeko giltzak utzi zenizkion Ainhoari, kanpoan zinen bitartean loreak ureztatu zitzan. Uste baino lehenago itzuli zara, eta sekulako ezustekoa hartu duzu: Ainhoak festa handi bat antolatu du zure etxean, eta hantxe daude hogei bat lagun zure egongelan, etxe guztia hankaz gora jarrita.

5.- Amaia-Maialen
Ama-alabak zarete. Amaia ama eta Maialen alaba. Maialen alabari labadora hondatu zitzaion, eta borondate on guztiz esan zion Amaia amak ekartzeko etxera arropa zikina eta berak garbituko ziola. Hiru aste pasatu dira harrezkero, eta Maialenek berdin jarraitzen du: arropa zikina ekartzen du, eta garbitu eta gero itzultzen da bila.

6.- Nahikari
Orduak eman dituzu portuan lanean Nahikari, lurrean eseri eta sarea josten, baina iritsi zaizu erretiratzeko garaia. Gauza asko entzun eta ikusi dituzu lanean aritu zaren urteetan.

7.- Denak
Seguru asko, behin baino gehiagotan eskatuko zizueten hil berriren bati bertsoren bat egiteko; bada, nik, gaur, horixe eskatuko dizuet. Zuetako bakoitzak zuen eskuinean duzuen lagunaren hiletan kantatuko zenuketen bertsoa kantatzea nahi dut

8.- Uxue-Amaia
Gaztetan bikote izan zineten, baina gero bakoitzak bere bidea egin zuen, eta bakoitzak bere familia osatu zuen. Gaur Uxueren semea eta Amaiaren alaba elkarrekin ezkondu dira.

9.- Nahikari-Iratxe
Nahikari ama eta Iratxe 12 urteko alaba zarete. Nahikari konturatu da Iratxe mutilekin ibiltzen hasi dela, eta sexuaz hitz egiteko garaia iritsi dela iritzi dio, baina alabak aurre hartu dio, eta galdezka hasi zaio.

10.- Denak
Elkanok bere garaian egin zuen bezala, itsasontzi batean munduari bira emateko espedizioa antolatu dute herrian. Zu zara kapitaina, Maialen, eta beste bostek osatzen dute tripulazioa. Zuk esango diguzu bakoitzari zer ardura edo egiteko jarriko diozun.

11.- Ainhoa
Azken urteotan bizpahiru bidaia egin dituzu Kubara, eta badakit gustuko herrialdea duzula. Irratian ere aritu zara zure azken bidaiari buruz hizketan. Zer eramango zenuke hemendik Kubara eta zer ekarriko zenuke handik Euskal Herrira?

12.- Amaia-Iratxe
Amaiak ez du sekula erlojurik erabiltzen eskumuturrean, eta gaur azken ordubetean zortzi aldiz galdetu dizu zer ordu den, Iratxe

13.- Maialen-Ainhoa
SAIOA LUZATZEN ARI ZEN ETA MAIALENI ETA AINHOARI EZ NIEN GAIRIK JARRI, HORREGATIK EZABATU DUT, HURRENGO BATEAN ERABILI AHAL IZATEKO.

14.- Denak. Denak Uxue izan ezik:
Herri txikia da Getaria, eta azkar zabaltzen dira hemen notiziak eta notiziak ez direnak. Baina badakigu ahoz aho kontuak ez direla beti oso zuzen ibiltzen; alegia, ahotik ahora kontakizunari elementuak gehitzen edo aldatzen zaizkiola. Horren adibide bat ikusiko dugu orain. Uxueri buruzko esames bat entzun dut nik gaur, eta horixe kontatu diot Nahikariri. Berak bere erara kontatuko dio ondokoari, hark ondokoari… eta horrela iritsiko da kontua Maialenen belarrietara.
Hauxe da nik entzun dudan esamesa: ordu txikitan arratoitik jaisten ikusi omen dute Uxue.

Altxa Uxue, eta kontatu benetan zer gertatu den.

15.- Maialen, Amaia, Iratxe
Puntutan librean

16.- Agurrak

Saioa ikusteko, klikatu HEMEN