Bertsolariak:Andoni Egaña, Sustrai Kolina, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Jon Martin eta Aitor Sarriegi. Gaijartzaile, Unai Elizasu
Hauxe da saioan erabilitako egitura (irudian klikatu eta handian ikusiko duzu)! Saioan zehar, zenbait gauza aldatu behar izan nituen.
1. agurrak
2. Amets, Andoni eta Unai
Jende askori konplikatua egingo zitzaion gaurko egunez honuntza etortzea, baina ez dut eguraldiaz hitz egin nahi baizik eta konplikazioetaz… badira majina bat gauza hain sinpleak direnak, izugarri konplikatzen ditugunak… zuek ere konplikatu izango zenuten inoiz zeozer oso sinplea zena ezta?
(saioa hastea zail izaten da halako kopuru handiko saio batean. umorez hasteko modukoa izan zitekeen gaia proposatu nien baina ez nuen naiz errexkerietara jotzea, baizik eta sortzea...)
3. Maialen Sustrai
Zuen 8 urteko semeak, ikastolan egin dituen lanak ekarri ditu etxera hilabetero bezala. Begiratzen jarri eta irakasleak ondorengo galdera jarri zuen idatzita : handitan zer izan nahi duzu. Eta zuen semeak horrela erantzuten zuen: abokatua, preso guztiak etxera ekartzeko! (Egiz gertatutakoa da, formulazioa zeozer aldatuta baina egoera hau gertatua zen eta saioaren arrazoiarekin bat zetorren; esker mila Alaitz)
4. Mendiluze Martin
Garai batean dena metafora bidez kantatzen zen gure herriko egoeraz. Egun ere badirudi egoera beretxuan gaudela beraz, metafora bidez kantatu zazue baina metaforak gaur egungoak izan daitezela.
(egungo egoeraren inguruko gai bat zen. Ez duen zuzenean hitz egiterik nahi eta hargatik metafora eta garai bateko estiloa zela oroituz, ekarri ditut egungo girora)
5. Sarriegi Jon
Saio ostean, poteatzea joan eta ohartu zarete jende guztia gonbidatu behar izan duzuela eta ezer gabe geratu zarete. Elkarrekin joan zarete kutxazain automatikora eta zuen diruei begira zaudete.
(bina bertso kantatu eta berriz altxa naiz zera esateko) Atzera begiratu eta ohartu zarete bertan bat lo dela! (Ariketa honetan, efektuari eman nahi nion garrantzia. Umoretik seriorako urratsa. Bigarren zatia zen garrantzitsuena baina aurreneko atala nola bihurtu sugerente egin zitzaidan zaila. Lehen zatia zen sakrifikatutakoa bigarren saioari indar gehiago emateko... nahiz eta efektuak, aurkezteko moduak eta jendearen erantzunak akaso gehiego lagundu ez)
6. Maialenek atzekoei
Atzeko hauek emergentzia deia jaso duzu egun hauetan, laguntza eske jo dute zuregana baina… zuri ez zaizu nahikoa emergentzia denik iruditu… orain esan jendeari zein emergentzia zen hauek esandakoa eta zuek erantzun (ariketa efektiboa da berez eta gabonetan gertatzen direnez horrenbeste kontu bitxi eta absurdo, eta txapelketaren efektua ere bazenez, hori denaz hitz egin zezakeen pertsona bilatzen jarri eta emergentzi zerbitzuaren lekuan jarri nuen Maialen)
7. Jon
Kartzelan zaudela gutun bat jaso duzu. Argazki bat, texturik ez duen argazki bat. Argazki horretan bi begi agertzen dira, bi begi urdin! (Jaialdiaren aitzakiari lotutako gaia, zeharkakoa eta akaso bisualegia; taldekako ariketan ondoren jartzea jendearen umore orekaren ondorioa da)
8. Unai Andoni
Txapelketaz nazkatuta, orain bertsotan egingo duzue aurrean epaileak baleude bezela baina zuen helburua 0 puntuko bertsoak osatzea litzake. (Tratu txarren inguruko gai bat nuen baina jendearen irri gogoa ikusirik, gaiaren egokitasuna zalantzak sortu zizkidan eta denboraren orekan, puntutarako nuen ariketa bat kendu eta hauentzako jarri nuen gai moduan puntutarako nuena. Hanka sartzea izan zela ustet, inor ez baitoa oholtzara gaizki kantatzeko asmoz, eta gaizki kantatzea eskatzea neurri batean geure buruari kontra egitea eta harriak botatzea da... nahiz eta gaiaren formulazioa eta arrazoia, txapelketa ostea alegia, bazen nahikoa aitzaki baina inori ez zaio gaizki kantatzea gustatzen eta gaizki kantatzea eskatzea berriz oso erosoa denik ezin esan; nahiz eta efektiboa den ezin ukatu)
9. Amets Mendiluze (saio erdia!!)
Botilla huts bi besterik ez dira… baina gurean, ezin esan besterik ez direla… (Saioko lehen hanka sartzea, ez nintzen ohartu Aitorrek zituen gai biak nahiko beretxuak zirela eta saioan zehar, ohartu arren, ez nuen modurik bilatu aldatzeko. Aitzakiarekin eta egunarekin oso loturik zegoen gaia, zeharka emana, sugerituz...)
10. maialen- unai , jon- sustrai, amets - amets
Un dos tres jokoa.
- Bertsozale batek bertso saio batean zer ez duen egin behar (telefonoz hitz egin)
- Parranda batean zer ez da egin/esan behar (aposturik ea wisky botilla tragoan edateko kapaza zaren)
- Larrutan ari zaretela zer da esan edo egin ezin dena (adb ez du jarriko)
(Jolas bat besterik gabe, umore ikutukoa eta jendearengana iristeko modukoa... Telebista programa bateko jolasa, oso sortzekoa)
11. Sarriegi eta Martin
Etxez etxeko zabor bilketan egiten duzue lan. Asteotan inoiz baino lan gehiago izan duzue… atzeko hauen etxeetan zer topatu duzue… Sarriegik zer topatu duen esango du eta martinek topatu duen horretatik zer ote den reziklatu litekeena
(Bertako talde batek horren inguruko gai bat jarriko ote zidaten eskatuta, alegia Oiartzunen etxez etxeko zabor biltzearen kontuarekin daude eta modu sugerente batean jartzeko modua zela iruditu zitzaidan. Estimagarria oso kopletan egitea erabaki zutela ikustea, oso bizi joan zen (biziegi akaso) eta bueno... hemen eztabaida da, herriko elkarteko batek eskatutakoa zenbateraino den jartzeko modukoa...sugerentea iruditzen zitzaidalako modua jarri nuen bestela, ez nuke jarriko)
12. Unai
Hertzainaken 564 kantua kantatuko diot, zenbaki hori bakarrik.
(kantu honekin aspaldian nenbilen bueltaka eta inon jartzekotan hemen jarri behar nuen eta Unairi gainera (Hertzainak zaleena bera baitzen) zenbaki hori kantatuta aski gai izango ote zen banuen zalantza... )
14. Jon Sustrai
Telefono elkarrizketa bat sortuko duzue bien artean baina nik nola bukatuko den esango dizuet: "zuk kolgatu...ez zuk.... ez, ez maitia, zuk kolgatu, ez zu… benga hiru kontatu eta batera, ez zu ez …" (aspaldian gordea nuen gaia zen hau ere... aurkezteko modua oso efektiboa izateaz gain, zer esana eman zezakeen eta ondo irten zen)
15. maialen andoni
Rebeca Linares eta Odon Elortza. Donostiako urrezko danborra eman ez zaiola jakitean, haserre joan da alkatearengana! (Rebeca, donostiar porno aktoresa bat da oso ezaguna dena eta urrezko danborra berari eman diezaioten talde bat sortu da eta hori lotuz sortu da gaia)
16. denak Ametsi
eskolako enpoiona da Amets… nazka ematen duen horietakoa… eta zuek denak bere ikaskideak… denek erabaki zenuten, gabon hauetan berak asmatu ezingo duen galderaren bat pentsatu beharko zenuteela eta gaur hasi da kurtsoa (saioa halako ariketekin bukatu zale naiz ni. puntutan bukatu baina efektiboagoa eta goian bukatzeko arrisku handia duela iruditzen zait. Bertsolari batentzako lana gehiegitxo akaso baina jendearen aho zapore eta giroa leku onean uzten da 10etik 8tan)
Hauxe da, saio aurretik nioena. Ikusiko duzuen gisara, zenbait gauza aldatu behar izan nituen saioan zehar. Saioan zehar, gauza asko dira daude nire esku baina ez danak. Kalefakziorik ez zegoen eta hotz egiten zuen oholtzan. Horrek ez du bertsotarako laguntzen eta agurretatik sumatu genuen oholtzan hoztasuna txaloetan ere... lehertzea zail izango zen.
Jaialdiaren egitura osatzea da 9 bertsolariko saio bat antolatzeak dakarren zailena. Aldez aurretik, erabakita nituen zeinek zein ariketa berezi (bakarkakoak, ofizio jakinak saioko une jakinetan, bereziak direnak nori eta nor) erabaki ondoren, taula batean dena ondo eta txukun osatzea da kontua. Irizpide garrantzitsuena halako jaialdi batean ondorengoa da nire ustetan: aulkian exerita ez dadila inor egon hiru bertsoaldi baino gehiago. Hori lortuta, gaiak izango dira urrengo pausoa! Halako jaialdi batean, arrazoia zein den jakinik, zer, nola, noiz oso ondo zehaztu eta aztertu beharrekoa da, inor ez dezala arrazoi beretxuko gaiak izan da beste lehentasuna... ahalik eta ahots gehienak izan daitezela saioaren arrazoiari kantatzeko aukera izango dutenak (denak ezingo dute, gehiegi kargatuko litzakeelako eta ez zait egokia iruditzen)
Saioa ikusteko, klikatu hemen (bertsoa.com) eta hemen (bertsoplaza.tv)
Saioen kronika
bertsoa.com
Gara