EGUNKARIAren aldeko bertso saioa
Plateruena Kafe Antzokian, 20:00 etan
Bertsolariak: Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Iratxe Ibarra
Gai-jartzailea: Leire Bilbao
1- agurra
2- Denentzako
2003ko otsailaren 20an, duela bost urte izan zen. Kolpe bortitz bat etxeko atean “Abra, la guardia civil”. Hamar lagun atera zituzten beraien etxeetatik, hamar lagun atxilotu eta Egunkariaren egoitza husten hasi ziren.
300 guardia zibilek, errez esaten da, 300 guardia zibilek hartu zuten parte Juan del Olmo epaileak agindutako operazioan. Hogeita bat etxebizitza eta egoitza miatu zituzten: Egunkaria ixtearekin 300 langile geratu ziren kalean, operazioan parte hartu zuen guardia zibil bakoitzeko bat.
Hurrengo egunean ostera, Egunero argitaratu zen. Gertakarien biharamunean ere, euskarazko egunkari bat genuen kalean.
3- Unai eta Sustrai
Ahozko egunkari bat egingo dugu gaur. Gaur hemen bilduta gaudenok egunkari bat entzungo dugu. Ez al dira hein batean bertsolariak kazetari? Plazaz plazako eta herrietako kronikak jasotzen
Bertsolari askok konszienteki edo inkonszienteki egiten duten zerbait eskatuko diegu Unai eta Sustrairi. Metabertsolaritza egin dezaten, hau da, bertsolariek bertsolaritzaren gainean bertsotan egitea, eta ez da kontu berria eskatzen dieguna; asteazkenero BERRIAko plazan “Gai librean” bata besteari erantzunez aritzen baitira.
4- Aitor eta Iratxe
Egunkari honen orriak pasatu ditugu eta Munduaren atalera iritsi gara:
Kazetariak grabagailua jarri du Washingtongo bulego dotore/garesti batean, han bilduta daude gizonezko beltzarana eta emakume zuria. Barack Obama (Iratxe) eta Hillary Clinton (Aitor). Grabagailua hasi da martxan.
5- Sustrai.
Munduko berrien ostean, Ekonomia atala dator.
Confebask patronalak 2.020 urterako Euskal Autonomia Erkidegoan, 233.000-tik 330.000-ra lanpostu kualifikatu bete gabe gera daitezkeela ohartarazi du.
Zu etorkina zara, badaroazu urtebete Euskal Herrian.
6- Denak
Mundua eta ekonomiarekin lotuta datorren atala orain, politika.
Zu Aitor euskal agintari bat zara, kontsulta bat planteatu gura duzun euskal agintaria, bi galdera dauzkazu egiteko, bi galdera egin gura dizkiezu atzeko herritarrei, ea zer erantzuten dizuten.
7- Unai eta Iratxe
Egunkariaren orrialde zentraletan elkarrizketa bat.
Zu Unai Martxelo Otamendi zaitugu, gestio askoren ostean azken aldian denek nahi eta inork lortu ez duen elkarrizketa lortu duzu, hain zuzen ere Frantziako presidentearen emazte berria elkarrizketatzea, Carla Bruni.
8 -Aitor eta Sustrai
Eta orriak aurrera ia gehien irakurtzen den atala. Kirola.
Ezaguna da Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea datorren domekan, hilak 15 eskuz banakako finala jokatzen dutela. Esaten dutenez Leitza ere banatuta omen da bata eta bestearen alde. Kontua da leitzar batek, Sustraik, berotualdi batean diru asko jarri duela jokoan Oinatzen alde. Orain ez du Abel begi bistatik kendu ere egiten, atzetik dabilkio, entrenamenduetan, kalean, frontoian... gaur entrenamenduak amaitu eta gero aldageletara sartu zaio.
9-Denak
Kazetaritzan badira erantzuten saiatu beharreko urrezko bost galdera.
Zer, nork, zelan, noiz eta non.
Zerbait gertatu da. Ez dakigu zer baina Sustraiek esango digu zer den gertatu dena, Iratxek nork egin edo eragin duen, Unaik zelan izan den eta Aitorrek noiz eta non gertatu den.
10- Unai, ez, zer, ez nork, ez noiz, ez non... bada beste galdera bat, nola?
Unai, nola demontre errimatzen dute Egunkaria eta torturak?
11- Sustrai eta Iratxe
Gizartea: kronika
Ekaina bustita estreinatu zen. 25 urte eta gero, UHOLDEAk, izan dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Iratxe eta Sustrai bizilagunak dira, asko bezala muturtuta dabiltzan bizilagunak. Iratxe baxu batean bizi den edadean sartutako andrazkoa da. Sustrai goiko pisuan bizi den surflari gaztea. Euria ez da gelditzen. Eta Iratxe oihuka hasi da.
12- Unai eta Aitor
Egunkari on batek komiki tira edo biñeta on bat behar du. Batzuk irakurtzen duten lehendabiziko atal hori. Hemen daukagu gurekin Zakilixut, Aitor, eta gaurkoan ere lagunarekin dator, baina ez da bere femme fatale horietako bat, gaur bere biñetan sartu dena Zaldi Eroren Talibana baino, bere biñetatik ihes eginda. Unai da Zaldi Eroren biñetetako pertsonaia hori. Ea, ze umorerekin ulertzen duten hauek mundua.
13- Denak
Iritsi gara Zuzendariari gutunak atalera. Nahi duzuena esatea libre, hori bai ezin duzue 2500 karaktere baino gehiago luzatu. Hau da, koplatan egin behar duzuela.
14-Agurrak
Titularra eskatuko dizuegu, hau da, agur bana.