Tolosa. Leidor. Pilarika eguneko saioa. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Kolina, Bixente Gorostidi, Jon Maia. Gai-jartzailea, Saroi Jauregi
1.- Denak: agurrak
2.- Denak: Pilarika eguna da gaur, Hispanitatearen eguna. Harrotasunez ospatu dute batzuek, eta protesta egiteko baliatu dute beste batzuek. Igandez etorri da aurten, baina jaieguna izaten da gainerako urteetan ere. Eta, Anoetan, adibidez, lehendabiziko euskal jai eguna egiteko aprobetxatu dute gaurko eguna. Zuek baduzue zer ospaturik?
3.- Beñat – Sustrai:
Azkenaldian, egunero entzuten dira finantza-krisiari buruzko albisteak irrati eta telebistetan. Bankuak larri omen dabiltza, eta kiebra-hotsak entzuten dira han eta hemen. Bermatuko duten diru-kopurua handitu dute, baina zu ez zaude lasai, Beñat, zeneukan diru guztia kontutik ateratzea erabaki duzu. Sustraik ez du horren beharrik ikusten.
4.- Mendiluze – Jon:
Alderdi sozialistak "Euskara askatasunez" izeneko manifestua atera zuen joan den astean, eta nahikoa iskanbila sortu da. Joan den astean izan zen Kilometroak Gipuzkoako ikastolen festa jendetsua ere. Gero eta jende gehiagok omen daki euskaraz baina erabilera ez omen da maila berean hazten. Etsipena ala itxaropena da nagusi zuengan euskararen etorkizunari dagokionez?
5.- Maialen – Bixente:
Urtebetetzea duzu gaur, Maialen, eta oraintxe ireki duzu Bixente bikotekideak eman dizun oparia. Konturatu zara iaz zuk berari egindako opari bera ekarri dizula paperean bilduta.
6.- Sustrai:
Ereiteko tenorea omen da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bertsolari eta bertsozaleen artean. Zer moduzko uzta espero duzue Iparraldeko lehen Bertsulari Xapelketan?
7.- Denak Mendiluzeri puntuak jartzen
8.- Jon – Maialen:
Aita-alabak zarete. Aita adindua da Jon, eta Maialenen etxean bizi da, eta apenas ateratzen den etxetik. Gaur telefono-faktura iritsi da zuen etxera, eta sekulako ezustekoa hartu duzu, Maialen. Zazpiehun euroko faktura da, eta tartean kontaktuetarako telefono-zenbakietarako deiak agertzen dira ia egunero.
9.- Sustrai – Mendiluze:
Tolosako udal-euskaltegiak hika ikasteko mintzalagunen egitasmoa jarri du martxan. Alegia, euskaldun berriak euskaldun zaharrekin kontaktuan jartzen ditu mintza-praktika eginez hika ikasteko. Mendiluze da mintzalagun boluntario horietako bat, eta Sustrairi hika ikasten laguntzeko prest agertu da. Gaur elkartu dira lehendabizikoz eta gaur ezagutu dute elkar. Hika hasi dira noski hizketan, Mendiluze txukun samar, Sustrai ez hain ondo.
10.- Beñatek atzekoei:
Duela bi aste hil zen Paul Newman aktore ezaguna, eta baten baino gehiagoren gogoan iltzatuta geratu dira haren begi urdinak, baita hark egindako film mordoxka ere. Denetan gazteena zara, Beñat, eta pentsatzekoa da zure aurretik hilko direla atzeko bostak. Esaguzu bakoitzaren zer ezaugarri edo zer balentria geratuko zaizun zuri gogoan.
11.- Mendiluze- Maialen:
Tolosako dendariek stock-azoka egin dute asteburu honetan, eta aurreko denboraldietan atzean geratutako arropa jarri dute salgai askoz merkeago. Hantxe egin duzue topo biok. Zuk Aitor poltsa bete arropa erosi duzu dagoeneko. Maialenek, berriz, oraindik ez omen du aurkitu gustuko ezer.
12.- Bixente-Jon:
Ariketa berezia egin beharko duzue orain. Jonek lehenengo puntu osoa botako du, eta hortik aurrerako oinak zuk emango dizkiozu, Bixente; hala, oin horiek jaso ahala osatu beharko ditu puntuak Jonek. Gero, alderantziz egingo duzue: Bixentek lehenengo puntu osoa bota, eta horitik aurrerako puntuetarako oinak Jonek eman.
13.- Mendiluze-Maialen-Beñat-Sustrai: puntutan librean.
15.- Agurrak