Gai-jartzailea baten larriak. Joxemari Iriondo

Joxemari Iriondok euskaltzaindiarako idatzia.
Zestoa 2009.05.14

Hasieran baietza eman nuen, baina gero dira hemen kontuak. Nundik eta nola hasi? Zer esan, lehen ere esan ez denik? Baina erabaki det gai-jartzaile triste baten estuasunak eta larriak
kontatu beharko ditula; eta horixe eta ez besterik dira ondorengo nere gogoeta xinple hauek. Eta ez nuke nahi garai bateko neure lanaren pozak eta penak azpimarratzea besterik. Egia da, bai, nik egiten nituen pekatuak egiten ikusi nuela/dudala beste asko ere.
“Garai ederrean hator”, esango du norbaitek; eta egia da berandu dela, nere garaia joan baitzen, eta nekez egingo det berriro gai-jartzelanik, jaialdi zehatzen batean ezpada behintzat (Xalbador egunean, adibidez) Hala ere, Uztapide haundiaren mendeurreneko ospakizun honetan gai hau zertan ez nuen aipatzen esan zidaten Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kideek, Uztapiderekin lotura zuzena izan nuenez. Eta baietza eman nien orduan, zergatik ez nekiela, gai-jartzera joaten nintzanean bezelaxe.

Zestoan, 1962an
1962an hasi eta 1983 arte ehunka bertso-jaialdi aurkeztu eta beste horrenbestetan bertsolariei gaiak ematen ahalegindu nintzen, hogeita bi-hiru urtean. Lehenengo gai-ematea, halabeharrez, Zestoa egin nuen. Ordurako irratian egiten genuen Bertsolari gazteen sarkiketa zelako hartan
(1962ko otsailetik maiatzera egin genuen lehenengoa) igande eguerdiero jartzen nizkien gaiak bertsolari gazteei. Baina jendaurrean, 1962ko San Jose egunez, hementxe Hermanotako jaialdian eta bazkalondoan izan nintzen lehenengoz, nere lagun min Joxe Sagarzazu zenak eskatuta. Gogoan daukat estu eta larri etorri nintzela. Eztakit nola esan nuen baietz ere, ez bainuen esperientziarik artean. Norbait ikusi nuen ordurako gaiak ematen, baina ezta berdin besterik ikusi edo norberak gaiak eman. Baina gaztetasunak ematen duen ausardi-arekin etorri nintzen Zestoara sekula inork eman etzidan gai-jartzaile titulua neure kontura hartuta. Gero ere, 1963aneta, etorri izan nintzen festa hartara, Uztapide, Basarri, Lizaso, Oranda, Lazkano eta abarrekin.

1972ko apirilaren 30ean, Anoetako pilotalekuan Uztapide, Agirre, Azpillaga eta Gorrotxategiri Odolkiak ordainetan gaia eman nien egunean ere hantxe nintzen. Denuntzia izan genuen, denok. Eta gero, Gazteak zer dira zuretzat? gai emanda hitzik gabe egun hartan gertatu
zen. Beraz, Uztapide-Basarri, Lizaso-Agirre-Lazkano… guzti horiei gaiak emateko aukera izan nuen, eta askotan izan ere. (Portzierto: Ehunka bertso-saiotan izan nintzela esan det. Gogoan daukat 1976an 66 jaialditan izan nintzela, eta seitan bakarrik ordaindu zidatela zerbait, ordura arteko bataz-bestekoa onduta).


Hala ere, esan behar dizuet jaialdi bakoitza, edo gai-jartze bakoitza, sufrimentu bat izan zela neretzat. Ustez behintzat, zein bertsolari ziran kontuan hartu, bertsolari bakoitzaren kutiziak aztertzen saiatu, bakoitzari zegokion gaia eta bikote-laguna egokitzen ahalegindu, eta hor joaten nintzen; baina beti beldurrez, beti ikaraz.

Gai-jartzea
Oso oker ezpanago, lehenengo gai-jartzea, Pello Esnalek aipatu duen 1935eko Donostiako Bertsolarien gudu hartan egin zela uste det. Eta handik aurrera egin diren bertsolari txapelketa guztietan ezinbestekoa izan da bertsolariei gaiak ematea. Bidezkoa dirudi gainera, gaiak jarri egin behar baitira txapelketa/sariketatan, bertsolari asko biltzen direlako jeneralean, eta nolabaiteko arauak jarri behar direlako neurketa edo nor-gehiagoka horietan, gero bakoitza neurtu ahal izateko. Ez dago beste modurik, agian, historiak jasotzen dituen lehenengo neurketa haietan bezala jokatu ezean behintzat.

Baina herriko festatako bertso-jaialdietan txapelketa edo neurketa batean bezala egin behar al da bertsotan, gaiak emanda? Eta lau, sei edo zortzi bertsolari hartu eta jaialdia programatzen bada, eta ordu pare bateko bertso-saioa toki itxian egin, nolabaiteko mugak jarri beharko dira. Nola utzi libre eta bakoitzak nahi duen bezala horrenbeste bertsolari saio batean? Nola egin ordu t’erdi edo bi orduko jaialdia bertsolari denak gai librean direla? Baina, toki itxian egiten diren bertso-jaialdiak mugatu behar badira ere, ez al dira aski hiru-lau bertsolari jaialdi baterako? Eta hor ere gaiak eman behar al zaizkie bertsolariei, nahiz eta bertsozalea hortaraxe ohitu dugun?
Areago: gaiak jarri behar badira ere, beharrezko al da gaia eman eta bat, bi, hiru bertso eskatuz bertsolarien lana mugatzea? Begira zer dioen oraintsu hil zaigun Joxe Lizaso zenak:
«Bertso bat kantatzeko ere gaia ematen dizute-eta orain! Bi kantatzeko ere bai! Nik ezin det ori onez eraman. Kontra dagoenak pentsatuko du nai duena, segitzea dauka! Gurea joan da! Baiña gurea beste era batekoa izan zan. Baiña nik ezin det oraingo au eraman. Gaiñera, gezurra esan bear baldin bada ere, sentitu egin bear da. Nik ez badet gaia sentitzen, zer edo zer esango
det nik ere, baiña sentitzen ez dan bertsoa... Norbera ez badago lazo orretan, alperrik da».

Bestalde, beharrezko al da lau oinak, puntuak eta abar erabiltzea, txapelketatan egiten den bezala? Asmakiloak, txisteak eta abar ere jarri izan dira inoiz (Ataungo Altzanipen Joxemiel Barandiaranen omenaldikoan (1972) jarri zuten asmakiloa datorkit burura).
“Hau” eta “hori esan behar dezu” askotan agintzen zaio bertsolariari. Eta oso artifiziala eta lotua iruditzen zait hori dena, ez buru eta hankarik duena.

Bertsolari berak ere ikusi izan ditut lehen eta orain gaiak ematen beste bertsolariei, “hau esan behar dezu” eta “hori erantzun behar diozu”esanez.
2004an Algortako bertso-eskolak antolatu zuen saio batean, adibidez, “zuk esan behar duzu, zuria beltza dela; aldiz, zuk, beltza zuria dela erantzun behar diozu. Bina bertso”. Beraz, gure garaian bezala oraintxe ere...
Azpeitiko Santo Tomasetan, orain dela urte asko, puntua irakurri egin omen zion Joxe Lizasori gai-jartzaileak (Tomas Etxaniz jaunak), eta Joxek esan:
–Ez, ez. Hori kantatu egin behar dezu, kantatu–; eta gai-emaileak orduan:
–Kantatu zeuk kantatu, hortarakoxe kobratzen dezute-ta…
Pasarte xelebre asko konta liteke, baina labur beharrez, 1960ko txapelketa nagusian Andres Narbarte Xalto zenari pasatu zitzaiona ere ederra da. Txapelketa zan Donostian, bertsolariak neurtu eta saritzeko eguna.
Eta puntua honela jarri zioten Alfontso Irigoien zenak:
–Belgatarren erregin
egin da Fabiola.
Eta Narbartek:
Igerri diot, Alfontso, egiya diyola,
beste gaiñekun etzan mintzatuko orla
Antxen pentsatutzen det zerbait badagola.
Narbarteri, edo edozein bertsolariri ere berdin da, jarri egin behar zaio holako puntua garai hartan! (Eta…egin da Fabiola neurriz ere gaizki dago gainera, Fa-bio-la egiten ezbada, zortziko txikiak bigarren bertsoan sei silaba eskatzen baititu, eta hor eztaude sei, zazpi baizik).
Eztago esan beharrik, Narbarte Xaltok etzekiela tutik belgatarren erregina zen Fabiola, ala Zeanuriko zekorra zen.

Xalbadorri, Erromako zubia gaia eman zioten beste txapelketa batean, Baxenafarroan Ortzadarra esaten dutela kontuan izan gabe. Zozketaz egokitu zitzaion gaia, jakina. Eta beste eredu asko ere aipa genezake, noski. Geroko elkarrizketan aterako dira holakoak.
Manuel Uztapidek bere “Lengo egunak gogoan II” liburuan zera kontatzen du, 59ko azaroaren 8an Eibarren egin zen txapelketa hartaz:

Sariketa bat izan zan Eibarren orain dala urte batzuek, eta gu ere an giñan. Ori San Pedro egunetik aparte zan, Untzagako plazan zan (San Pedro egunean beste jaialdi bat egiten baitzuten han), eta bazan jendea pranko. Sarrera ordaindu bearrik ere etzan, da Eibarren iñon baño gutxiago begiratzen zaio gauza orri; baña beintzat gauza nola zan esaten det.

Mobel edo Mogel edo orrelako izen bat ibilli zan an juradukoen ezpañetan. Guk, an giñan bertsolariak, ez genekigun gizon ori zer izan zan eta gutxiagorik ere, ta gaian ez giñan sartu bertsolaririk iñor ere bear bezela.

Zazpi bertsolari juntatu giñan: Zepai, Mitxelena, Lizaso, Lasarte, Garmendia, Agirre ta ni. Bertsolariak iñork bear bezela gairik ibilli ez gendualako, ez piperrik ez gatzik etzuan eduki orduko sariketak.

Nik askotan esan det, eta berriz ere esango det, bertsolariak zenbat dakiten begiratuta gaiak jarri bear lirakela; baña juradukoak berentzat moduko gaiak jartzen dituzte askotan. Ez dakite gu zenbateraño motzak geran. Berak, geienak karrerako gizonak dira, eta guk ere jakin bear degula uste dute, berak bezela.

Bakoitzari dagokiona
Baina gai-jartzaile arruntak ere horixe ta bera egiten du askotan: bertsolariaren kutizi eta joeraz (eta jakituriaz) asko pentsatu gabe, gai ilun samarrak jarri, nahiz eta gaurko bertsolariek informazio gehiago ere baduten lehengo haiek baino.

Eta jartzen den gaia jartzen dela, “hiru bertso gai honi buruz” agindu eta, aupa mutilak!, gaiak hiru bertsotarako eman dezakeela, bitarako eztuela ematen, edota bertsolariak gustura hartu badu, lau edo bost ere bota dezazkeela pentsatu gabe.

Gai denak eztute balio bertsolari guztientzat. Bertsolari bakoitzaren gustuak eta joerak ezagutu behar ditu gai-emaileak, eta nori berea ematen saiatu. Gaia ematean begirazunak eta sinuek ere asko balio dute/zuten zenbaitekin. Adibidez, oraintsu hil zaigun Joxe Lizasori gaia jartzean,
lasai-lasai burutik hanketara begiratu eta desapio itxuran gaia emateak asko balio zuen, eta piztu egiten zen hura, eta desapioari desapioarekin erantzuten zion. Edota Azpillaga eta Joxe Oranda bikote apraposa ziren, gai jakin batzuetan, elkarri edozer esan-eta, bixi-bixi erantzun zuten haiek.

Nik hasieran esan dizuet ahaleginak egin arren ere ez nuela asmatzen. Eta gogoan daukat Azpeitiko Soreasun egindako bertsosaio batean bertsolari bat (Mitxelena) hasarretu egin zitzaidala, eta “gaiak jartzen denbora asko pasatu eta bertsolariari bi edo hiru
bertso bakarrik botatzeko agintzen agintzen diozute” esanez. Egun hartan, bengantzaz-edo, gaia eman eta “nahi adina bertso bota hitzak” eskatu nion, eta bi bertso bota eta exeri egin zen.
Beste norbaitek “neri gairik txarrenak nola jarriko ibiltzen zinan beti”, esan zidan urteak pasata gero, hasarre. Hori gezurra zen, gezur hutsa, baina holaxe pentsatzeko adina eskubide bazuen hark ere.

Gogoz behintzat, gaiak eman nituen jaialdi bakoitzean bertsolariaren luzimentuari erreparatu nion beste guztien gainetik. Eta zin egin dezaket hori hola zela, nahiz eta badakidan ez nuela beti asmatzen. Bistan dago. Garai hartan, jaialdia txukun samar egin eta bertsolariak eta bertsozaleak gustura uztea zen lehenengo helburu, eta ez bertsolariei gai zailak jarriz beti haiek neurtzen ibiltzea.

Inoiz etxeratu nintzen uste baino lasaiago, jaialdia txukun eta dotore semarra egin genuela ikusita, baina beti gelditu zitzaidan “zinesgarria ez den teatro” horren kezka. Oraindik ere, urduri jartzen naiz jaialdi haietako gai-jartzeaz gogoratzen naizen bakoitzean.
Bestalde, bakarkako gaietan-eta ohitura haundia izan da puntu luze (bederatzi puntuko) edo doinu jakinetara bertsolaria behartzeko.
Zepai zena, adibidez, hasarretu egiten zen doinua aldatzera behartzen genuelako. “Zuek ari zerate bertsolaritza izorratzen!” esan zidan behin Idiazabalgo bere jatetxean; eta zer pentsatua eman zidan. Bertso-neurriei buruz, berriz, zer esan? Ikustazua Basarrik zer zioen 1959ko azaroaren 8an Eibarren egin zen txapelketa hura zela-eta:
“Txapelketa, Euskaltzaindiak antolatu zuen (A. Irigoyen), Juan Antonio Mogelen omenez; eta zazpi bertsolarik hartu zuten parte: Uztapide, Lasarte, Joxe Lizaso, Zepai, Garmendia (Ordizian txapeldun izana), J.J. Mitxelena eta Joxe Agirre Oranda (Aginagan txapeldun izana). Eibarko Unzagako plazan egin zen lehiaeta.
Basarrik ez zuen parte artu nai izan. Egun artako epai-maia, Antonio Arrue eta Koldo Mitxelena, Euskaltzainditik; eta Bordari, Antonio Zavala eta Juan San Martin. Azkenengo saioan, bederatzi puntukoan kantatzeko agindu zien Irigoyenek, eta berak ez zuela kantatuko erantzun zion Uztapidek, eta epai-maiak atzera jo bear izan zuen, lau puntuko bertsoa kantatzeko aginduz. Ala ere, Mitxelenak bederatzi puntukoa kantatu zuen, zertan ari zen arrastorik gabe”.

Uztapidek onartzen zuen gaiak jartzea. Eta gehiago: “Gaiak asko errezten du bertsolariaren lana” aitortzen du bere Lengo egunak gogoan liburuan.
Oso hasarre agertu zen Basarri hurrengo eguneko kronikan, gazteleraz: “En mi crónica del domingo, precisamente, decía yo que nunca se debía obligar a los bersolaris a utilizar la melodía de las nueve consonancias, o lo que de otra manera decimos, a cantar “versos de nueve puntos”. Y recalcaba que, en tal caso, el fracaso sería estrepitoso ante la imposibilidad de los bersolaris de vencer la gran dificultad. Mi extrañeza fue total en cuanto el jurado dio la orden de que los bersolaris cantasen en nueve puntos el tema obligado del día.
Y… ocurrió lo que yo me presentía. Que los bersolaris protestaron enérgicamente de la decisión y el jurado tuvo que revocar la orden. Conociendo el complicado mecanismo de las estrofas de nueve puntos, en ninguna parte cabe esta exigencia. Sólo un bersolari cantó los nueve puntos y sin ninguna obligación de hacerlo, ya que el jurado había revocado la orden y se les había pedido que cantasen “versos de cuatro puntos”.

Y el único que se atrevió con la estrofa de nueve puntos, la comenzó y la terminó, eso si, pero sin mencionar el tema obligado y sin contenido eficaz.

Gutxiengo baldintza batzuk gaiak emateko
Ausardia behar litzake horretarako, eta eztiot inori leziorik eman nahi, gai-jartzen goi-tituludun asko dago-ta. Baina inork eman ez didan lizentzia hartu eta polbora berriro inbentatzen aritu gabe, gaijartzailearen gutxieneko baldintza batzuk hauexek izan litezkeela nago:

a) Lehenengo bertsolari-sena behar du gai-jartzaileak ere, bestela…
b) Gaia eman behar dion bertsolaria ongi ezagutu behar du gai-jartzaileak.
c) Bertsolari bakoitzari dagokion gaia argi eta zehatz ematen saiatu behar du, bertsolariarekin batera gaian inplikatuz eta bertsolariaren lana erraztuz.
d) Bertsolaria luzitzeko moduko gaia ematen ahalegindu behar du batez ere gai-emaileak.
e) Gaiak argia eta benetakoa behar du izan, gehiegizko loturatatik alde eginez.
f) Eta, hala ere, ahal denean, bertsolariak gai librean utzi behar dira, bertso-saio bakoitzerako hiru-lau bertsolari programatuz.

Badakit pelotalekuetara edo antzokietara jendea erakartzeko programak haunditu eta puztu egin behar dirala. Baina, ez ote dira nahiko hiru-lau bertsolari saio eder bat egiteko, bertsolariak ahal dan libreena utzita? Badakit jaialdiak arautu egin behar dirala ere, eta bertsolariari errazten zaizkiola bere lana gaiak emanez –hala aitortzen du Uztapidek bere Lengo egunak gogoan liburuan–, baina…

Garai bateko bertsolari zaharrek egingo zituzten saio libreak, edota Zepai eta Txapelek, Basarri eta Uztapidek, Mattin eta Xalbadorrek, Lizasok eta Lasartek, Agirrek eta Lazkanok, Azpillaga eta Lopategik eta beste hainbat eta hainbatek inork agindu gabe egiten zituzten saio haietaz gogoratzen naiz, eta… inbiria pittin bat sentitzen det.

Bai, badakit zahartzaroko ajeak izan ditezkeela hauek, baina nik ere neurea erreibindikatzeko eskubidea izango det, ba, ez? A, eta konforme ezpazaudete, ahaztu dena eta aurrera, gure
bertsolaritzak segi dezan gero ere. Bederatziko puntuko bertsoa dalata 1959ko azaroaren 8an jokatu zan Gipuzkoako lehenengo txapelketa.

Uztapide ez zen txapelketa zalea, baina, azkenean ere, Irigoyenek bultzata joan omen zen lehiaketa hartara. Txapelketa, Euskaltzaindiak antolatu zuen (A. Irigoyen), Juan Antonio Mogelen omenez; eta zazpi bertsolarik hartu zuten parte: Uztapide, Lasarte, Joxe Lizaso, Zepai, Garmendia (Ordizian txapeldun izana), J.J. Mitxelena eta Joxe Agirre Oranda (Aginagan txapeldun izana). Eibarko Unzagako plazan egin zen lehiaketa. Basarrik ez zuen parte hartu nahi izan.

Epai-mahaia: Antonio Arrue eta Mitxelena, Euskaltzainditik; eta Bordari, Antonio Zavala eta Juan San Martin. Azkenengo saioan, bederatzi puntukoan kantatzeko agindu zien Irigoyenek, eta berak ez zuela kantatuko erantzun zion Uztapidek gai-jartzaileari, eta epai-mahaiak
atzera jo behar izan zuen eta lau puntuko bertsoa kantatzeko agindu zien denei.

Hala ere, Mitxelenak bederatzi puntukoa kantatu zuen. Basarri oso hasarre agertu zen hurrengo eguneko La Voz de Españako bere kronikan, eta honela idatzi zuen:
En mi crónica del domingo, precisamente, decía yo que nunca se debía obligar a los bersolaris a utilizar la melodía de las nueve consonancias, o lo que de otra manera decimos, a cantar “versos de nueve puntos”. Y recalcaba que, en tal caso, el fracaso sería estrepitoso ante la imposibilidad de los bersolaris de vencer la gran dificultad. Mi extrañeza fue total en cuanto el jurado dio la orden de que los bersolaris cantasen en nueve puntos el tema obligado del día.

Y… ocurrió lo que yo me presentía. Que los bersolaris protestaron enérgicamente de la decisión y el jurado tuvo que revocar la orden. Conociendo el complicado mecanismo de las estrofas de nueve puntos, en ninguna parte cabe esta exigencia. Sólo un bersolari cantó los nueve puntos y sin ninguna obligación de hacerlo, ya que el jurado había revocado la orden y se les había pedido que cantasen “versos de cuatro puntos”.

Y el único que se atrevió con la estrofa de nueve puntos, la comenzó y la terminó, eso si, pero sin mencionar el tema obligado y sin contenido eficaz. Si se quiere guardar la brillantez de la fiesta, y si se quiere que acudan bersolaris a participar en concursos y campeonatos, nunca más se debe repetir eso. De lo contrario, yo estoy seguro que será solamente el jurado quien suba al tablado.
La Voz de España, 9 de noviembre de 1959

Uztapide izan zen txapeldun, eta 3.000 pezeta eta euskal makila eman zizkioten. Bigarren, Joxe Joakin Mitxelena: 2.000 pezeta eta Diputazioak emandako kopa. Beste bostak berdinean utzi zituzten, eta 600 bana pezeta eman zizkieten.

Bertsoak dirala-ta Bakoitzak bere iritziak agertzea oso bidezko gauza da. Neri beti txalogarri deritzait. Bertsolarieri buruz ere norbaiten iritziak irakurria naiz egun auetan. Iritzi oiekin bat natorrenik ez dizuet esango. Ez da bearreko ere ala gertatzea. Eskubide osoa du, geroxeago diodan bezela, bakoitzak bereak agerteko.

Bederatzi puntuko bertsoeri buruz dago emen gorabera. Norbaitek idatzi duanez, gaurko bertsolariak ez dute lan astunik artu nai. Ez dute ezer jakin nai bederatzi puntuko bertsoekin. Ta ori orren errez esateko, zenbat bertsolari zar ikusi ditu aotik aora bederatzi puntuko bertsoak kantatzen? Zein ziran doiñu ortan kantatu zuten bertsolariak?

6 Arantzazu errebistaren oharra: “Basarriren lan au abenduaren 18an Bertsolari Txapelketa egin baiño egun batzuk lenago jaso genduan. Ez uste izan, bada, egun ori baiño geroago idatziak izan diranik orain irakurtzera zoazten lerro auek...”

Txirrita zarra Irurogeita amar urtetik pasea zegoan Txirrita nik ezagutu nuanerako.
Alaz guztiz ere, bost edo sei aldiz berarekin batera kantatzeko era izan nuan. Bai al dakizute Txirrita’k zer esan oi zigun bederatzi puntuko bertsoeri buruz? Berak makiña bat bertsolari zar ezagutu zuala, ta makiña batekin ari bearra ere izan zuala bere denboran. Baiña iñortxo ere etzuala somatu plaza batean aotik aora bederatzi puntuko bertso saiorik egiten. Berak ere etzuala doiñu ori sekula erabili. Bederatzi puntuko bertsoak, patxadarekin idazteko, eskribitzeko izaten zirala ta ez bat-batean kantatzeko.

Ixpillu bezela Norbaitek, lengo bertsolariak bederatzi puntuan egiten zuteneko ixpillu bezela, Xenpelar eta Larraburu’ren bertsoak agertzen dizkigu. Ez naiz jokatzaillea ta ez det joko-itzik entzun nai ere. Baiña, ontantxe apustutxo bat egingo nuke gustora. Alegia, gizon batek kantatzen duan bederatzi puntuko bertsoa entzule batek osorik ikasi ezetz lenengo kantaldian.
Buru oneko gizonak asko ezagutu izan ditut. Neuk ere izan nuan garaia, beste batek kantatutako lau puntu edo bosteko bertsoa memoriz artzekoa. Oietatik bederatzikora zer alde dagoan ez daki iñork. Bederatzi puntuko bertsoak, Betroairen doiñuan, puntu motz asko dituzte. Izkin edo silaba gutxikoak dira, ta ugariak.

Entzuleak ikasi al zituzten, ba, bat-batean Xenpelar’ek eta Larraburu’k kantatutakoak? Ainbeste gizonen izenak sarturik, zeiñek zer egiten zuan adieraziaz eta abar? Ez, adiskide. Gauza oiek nola izaten diran badakigu. Oiek geroztikako konponketak izaten dira. Asti pixka bat artuta egiten diranak. Udarregi eta Pello Errota’k ere bederatzi puntuko bertsoak jarri zizkioten alkarre, Azpeiti’ko sariketa baten ondoren asarretu ziranean.
Azpeitiko sariketan, aurrez aurre, etzituzten ordea bederatzi puntukoak kantatu. Aiek paperean jarri zituzten. Paperean jartzetik aurrez aurre kantatzera, zerutik lurreraiñoko aldea dago. Ez da eziñezkoa Bederatzi puntuko bertsotan lan egitea ez da eziñezkoa. Iñoizko denboran epai-mai edo juraduak olakorik eskatzen badit, nik ez det ezetzik esango. Al ditudan bezelakoak bota gabe ez naiz geldituko.
Erderaz beingo batean idatzi nuana berritzera noa: bertsolari jaialdi batean bederatzi puntuko doiñua erabiltzera gizonak beartzea, jaialdi dana itsustea ta ondatzea da. Doiñu ori, jakiña, betroi zarrari Xenpelar’ek jarritako bertsoen neurria danean. Badira bederatzi puntuko bertsoak askoz ere neurri zabalagokoak. Bizkai’ko Enbeita zanak erabiltzen zuan doiñua, adibidez.

Neuk sarri darabilkidan doiñua da au. Berbera ezpada ere, Enbeita’k erabiltzen zuanarekin antz aundia du. Doiñu ontan, ordea, izkin edo silaba neurria amar eta bederatzi da, ta betroiarenean, zazpi ta sei. Opizioaren garraztasunak ezagutzeko opiziokoa izan bear du lenengo. Txirrita zana opiziokoa zan, noski, ta iñork baiño obeto zekian bederatzi puntuko bertsoaren zailtasun eta nekea zer zan. Bertsolarietaz idazten eta iritziak ematen diztuzten zenbaitzuk, zer dakite aurrez aurreko bertsoaren berri?

Gairik ezin sakondu
Zeingeiagoka batean bederatzi puntuan lana egiteko agindua ematen bazaie bertsolarieri 2 (doiñu motxean, alegia), iñola ere ez daukate gaia ondo sakontzerik. Puntuak izango dira puntuen gaiñean, baiña azkenean ezer gutxi esateko. Ikusi genduan Eibar’en egindako Gipuzkoa’ko Txapelketan zer lotsagarrikeri gertatu zan. Bederatzi puntuko bertsoak agindu ta, parte artu zuten bertsolari guztiak (batek ez beste guztiak), etzutela kantatuko esan
zuten. Orduan juraduak lau puntuan kantatzeko agindu zien.

Lau ta bost puntuko bertsoak ere badira gizonak probatzeko ainbatekoak. Gaiñetik entzuten dauden asko ez dira konturatzen bat-bateko bertsoak zer estuasun dituan juradu baten aurrean, ark jarritako gaia bear bezela sakondu nairik. Ez len eta ez orain, bederatzi puntuko bertso motxak ez dira gizonak neurtzeko izendaten diranak. Txirrita’k etzuan egundo erabili doiñu ori, aurrez aurre kantatzeko, eta erabiltzen zuan aurreko zarrik ere etzuan ezagutu.

Paperetan bai, moda izan zuan neurri orrek garai batean. Baiña,papereko lan ori, gaur ere orduantxe bezelatsu egin genezake.